Itxi

21:30etatik aurrera ETB-1en

Aitaren eguna ospatzeko aitatasunaz arituko dira "Bi Errepidean"en

A.H.

EITB

Fernando Goñi pilotaria eta Iker Galartza aktorea izango dira igandeko saioaren protagonistak.

Aitaren eguna ospatzen den asteburu honetan aita-semeen arteko harremanetaz arituko da "Bi errepidean" saioa. Horretarako, bi aurpegi ezagun aukeratu dituzte. Aitaren ikuspuntua emango digu batek, eta semearena besteak. Fernando Goñi eta Iker Galartza, txanpon beraren bi aurpegiak izango dira igandeko saioan.

Fernando Goñi, binakako txapelketan garaile suertatu zen iaz, baina aurten, txapelketa horretatik kanpo geratu da. Albiste kaxkarra izan zen nafarrarentzat, baina gerora, bere alde ona ere topatu dio: Amets eta Kepa semetxoekin egoteko denbora gehiago izan du azken hilabete hauetan. Bi semeren aita da zubiritarra, eta aste honetako saioan, haiekin nola moldatzen den erakutsiko du. Pilotalekura lagunduko dute "Bi Errepidean" saioko kamerek, semeei pilotan jokatzen nola erakusten dien ikustera, hortxe sortuko baita eztabaida: semeek aitaren bide beretik jarraitzea erabakitzen dutenean, konparaketak saiestezinak bezain gogorrak dira batzuetan. Urte batzuk badira, bestalde, Fernandok Eugin Quinto Real izeneko ostatua zabaldu zuela, bertara ere lagunduko du saioak, ostalari moduan nola moldatzen den ikusteko.

Iker Galartza aktorea "Vaya Semanita" saioan ari da egun, baina lehendik makina bat lan egindakoa da: Zoombados, Goenkale... saio dexentetan aritutako aurpegi ezaguna da. Luis Mariren semea da Iker. Aita-semeak, biak ere antzekoak dira: umoretsuak eta xelebreak. Aitak berak ere egin izan du lanik telebistan. Ikerrek errespetuz ikusten du aita, baina batez ere, adiskidetzat, eta hori igertzen da. Arrantzara lagunduko ditu "Bi Errepidean" saioak, Amezketara, Iker ume zeneko garaiak gogoratzeko tokirik aproposena baita hori. Aita edo semea, bietan fenomenoena zein den aztertu ezinik emango dute saio guztia. Baina era berean ezin ahaztu, Iker bera seme ez ezik, aita ere badela. Hiru belaunaldi elkartuko ditugu beraz, Elene txikiaren bila joandakoan.

Aitaren egunaren ospakizunarekin bat eginda, beraz, aitatasunaz arituko dira igande honetako "Bi errepidean" saioan, 21:30etatik aurrera, ETB-1en.