Iruzkina
Hasi da AEBko hauteskunde-zirku handia
Jesus Torquemada
Iowan izango da lehen antzezpena, lurraldearen erdialdean dagoen Estatu batean, berez garrantzia handirik ez duena baina, itzal handikoa bihurtzen dena gaurko egunean.
Gaur abiatuko da, datozen sei hilabeteetan ikusmina piztuko duen AEBko hauteskunde-zirku handia. Iowan izango da lehen antzezpena, lurraldearen erdialdean dagoen Estatu batean, berez garrantzia handirik ez duena baina, itzal handikoa bihurtzen dena gaurko egunean. Iowak ez du biztanle kopuru handirik, eta ez ditu inolaz ere ordezkatzen AEBko herritar kopuru handiena duten ekialde eta mendebaldeko kostaldeak.
Iowako biztanleen % 90 baino gehiago zuriak dira, eta kopuru handi bat, nekazariak; ez du, beraz, zerikusirik Kaliforniaren edo New Yorken egoerarekin, aniztasun etnikoa eta herritarren bizibidea zerbitzu-sektoreari lotuta baitago han. Gainera, Iowan erlijio ebanjelikoa oso zabalduta dago, alegia, Bibliaren jarraipen zorrotza defendatzen duten sinestunak dira, hiri handietan daudenak baino askoz gehiago dira.
Hori dela eta, Iowa batzar edo caucus-aren emaitzekin ez da fidatu behar. Han irabazteak ez du ziurtatzen Presidentetza lortuko denik. Duela lau urte, Iowan errepublikanoen hautagai izan zen Rick Santorum delako batek irabazi zuen, gaur egun kasik inork gogoratzen ez duen hautagaia. Baina, egia da beste hau ere: Iowan galtzea kolpe handia litzakeela faborito diren hautagaientzat. Galdetu bestela Hillary Clintoni: duela zortzi urte Iowan galdu zuen, eta ordutik aurrera Barack Obamaren atzetik joan zen.