Igandean, Racingen aurka
Camacho (Osasuna): "Horrela jokatuz gero, noizbait irabaziko dugu"
Asier Legarda
Taxoare
Aranda eta Pandiani aurrelari titularrak ez daude jokatzeko moduan.
Partida garrantzitsua jokatu behar du Osasunak asteburu honetan Santanderko Racingen aurka Nafarroako Erresuman. Jaitsiera postuekiko zortzi puntuko aldearekin hasiko dute jardunaldia Jose Antonio Camachoren mutilek, baina azken bost partidetan garaipen bakar bat ere ez dute lortu gorritxoek, eta Racingen aurkako partidak final itxura dauka Camachoren mutilentzat, asteazkenean Nou Campen jokatu behar dutenez oso garrantzitsua izango baita Racingen aurka hiru puntuak lortzea.
Camachok bide onetik ikusten du bere taldea, nahiz eta azken bost partidetan garaipenik lortu ez: "Horrela jokatzen jarraituz gero noizbait irabaziko dugu, aurkariak dominatu egin ditugu partida guztietan eta gol aukera dezente sortu ditugu, asmatzea soilik falta da. Bide beretik jarraitu eta baloia sarean jartzen asmatzea da gakoa. Aurrean asmatuz gero, irbazi egingo dugu, seguru", esan du Osasunako entrenatzaileak. Hasierako hamaikakoa ez da Osasunaren ohiko hamaikakoa izango, besteak beste bi aurrelari titularrak, Carlos Aranda eta Walter Pandiani, min hartuta direlako. Dady eta Camuñas izango dira gorritxoen gizonik aurreratuenak.
Ustezko hamaikakoa:
Ricardo, Azpilikueta, Sergio, Flaño, Monreal,Vadocz, Nekounam, Juanfran, Camuñas, Masoud, Dady.