Valencia-Osasuna
Vadocz eta Calleja aukeratu ditu Camachok
Asier Legarda
Tajonar
Azken entrenamenduetan ikusi denez zigortuta diren Puñal eta Juanfranen ordez hungariarra eta madrildarra ariko dira
Natxo Monrealen zain jarraitzen du Jose Antonio Camachok, atzo zein gaur entrenamendua osorik burutzerik ez baitu izan ezker hegaleko jokalariak eskuin orkatilean mina nabaritu ostean, baina gainontzean Ciezako entrenatzaileak gauzak argi dituela dirudi, eta zigortuta diren Puñal eta Juanfranen ordezkoak erabakita ditu.
Uharteko erdilariaren postua Krisztian Vadocz hungariarrarentzat izango da, eta Juanfranek eskuin hegalean utziko duen hutsunea Camuñasek beteko du, ezker hegalean Javier Callejaren sarrera eraginez. Monreal garaiz osatuko balitz beste aldaketarik ez litzateke egongo, baina ezker hegaleko atzelari internazionala Mestallako partida jokatzeko gai ez bada, Oier eta Etxaideren artean hautatu beharko du ordezkoa Camachok.
Bi alditan soilik irabazi du Osasunak valentziaren zelaian Lehen Mailan, baina ustekabea eman nahi dute gorritxoek.