Itxi

Larunbatean, 20:00etan

Amorebieta (Bartzelona-Athletic): "Gogor jokatu behar dugu"

Haritz Gallastegi

Lezama

Bartzelonari arnasa hartzen ez lagatzea da zuri-gorriek duten asmoa.

Bartzelonak Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoa jokatu berritan egingo dio aurre Athletici. Arsenalen kontra joko erakustaldia egin zuen Guardiolaren taldeak. Lasaitu zen arte futbol eskola eman zuen: baloiaren jabe zenean zein presioa egiterako orduan talde landua dela erakutsi zuen.

Atheticeko jokalariek ere ikusi zuten zer egiteko gai den Guardiolaren taldea. “Memento askotan iazko Bartzelonaren antza hartu nion. Larunbatean bajak izango ditu, baina oso gaitza izango da emaitza ona eskuratzea”, esan du Carlos Gurpegik.

Camp Noun irabaztea oso zaila izango da. Punturenbat lortzea ere bai. Liga hasi zenetik etxean jokatu dituen hamalau partidetatik hamahiru irabazi ditu Bartzelonak, eta berdinketa bat baino ez du eskuratu. Hala ere, ezin da esperantza galdu. Futbolaren historia ezustekoz gainezka dago. Aurrerantzean ere egongo dira. Horretarako, ezinbestekoa izango da presioa egiterakoan asmatzea. “Euren gainean egon behar gara. Hori lortzen badugu Bartzelona ez da eroso egongo. Gogor jokatu behar dugu”, adierazi du Amorebietak.


Lan saiori dagokionez, Orbaizek eta De Marcosek eman dute albiste ona. Biak ala biak normaltasunez entrenatu dira. Diaz de Zerio, berriz, ez da zelaian agertu.

Albisteak (2)