Ostegunean, ETB3n
Pello Zabala bertsotan asteon Hitzetik Hortzeran
Hitzetik Hortzera
Zumaian santelmotako saioan, Muskildin Hernandorena sariko finalean, eta Bergaran bildutako bertsoak emango dituzte, Pello Zabalaren bertso jarriez gain
Zumaian kantuan Miren Amuriza, Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Amets Arzallus -azken biak maoizko jantzita-. Herriko jaietan zumaiarrak bertso-gosez izan ohi dira eta, sarrerak agortuta, zale dezente Aita Mari aretora sartu ezinda geratu dira.
Bergarako frontoian puntu-erantzuten hamaikagarren lezioa eman du Joxe Agirrek. Uxue Alberdik, Jone Uriak, Iker Zubeldiak eta Julio Sotok jarritako puntuei emandako erantzun borobilak jarriko dituzte programan. Betiko moduan azkar eta ondo jardun da Joxe Oranda, bertan bildutakoon gozamenerako.
Arantzazun ere izango da Hitzetik Hortzera denik eta bide-erakusle onena hartuta; bizitokian barrena bertso doinutan gidatu gaitu Pello Zabalak. Frantziskotarra Pernando amezkatarraren ondorengoa da eta bertsoarekin zer lotura duen kontatu dio Jon Artanori. Zapping-eko bitxian 1991an Irunen egindako saioa, Pello Zabalaren paperetik kantuan Imanol Lazkano eta Lazkao Txiki ondotik zirika.
Hernandorena sariko finalean ere izan da Hitzetik Hortzera. Muskildin jokatu dute eta Ane Labakak eskuratu du txapela eta bildotsa. Dena dela Aimar Karrika, Maiana Irigoien, Ximun Cazaubon, Izar Mendiguren eta Eneritz Arzallus ere ez dituzte esku hutsik bidali etxera.
Zuri-beltzekoan Joxe Luix Gorrotxategi Usurbilgo elizari kantari eta Belfasteko bertso dinner-erako lehiaketan puntu-erantzun mordoxka jaso dituzte programakoek.
Horiek denak, eta xeoxe gehiago, ostegunean 22:00etan ETB3n, igandean bazkalostean ETB1en eta noizgura eitb.comen. Aurrerantzean beste pase bat ere izango du Hitzetik Hortzerak ETB1en. Ostiral arratsaldetan izango da, 18:15ak aldean, eta programa osorik emango dute.