Gertakaria
RCD Mallorcako presidente ohiaren gorpua aurkitu dute bere autoan
Erredakzioa
69 urteko Miquel Dalmau bere buruaz beste egin zuela uste dute, hori da hipotesi nagusia. Dalmau iragan asteazkenean ikusi zuten azkenekoz.
Miquel Dalmau RCD Mallorcako (1992-1995) presidente ohia eta Miramar Poliklinikako jabe ohia hilda aurkitu dute gaur goizean bere autoan, Cabo Blancoko zonan, Llucmajorren (Mallorca), Eduardo Valdivia haren abokatuak jakitera eman duenez.
09:30 aldera gris koloreko Volkswagen Touareg ibilgailua topatu dute amildegi batean, itsasotik hamar bat metrora. 69 urteko Dalmauren gorpua ibilgailuaren barruan zegoen.
Heriotzaren arrazoia argitzeko autopsia egingo diote Mallorcako medikuaren gorpuari. Dalmau 1940an jaio zen, Sineun.
Dalmau iragan asteazken goizean ikusi zuten azkenekoz, Calviako ikastetxean semea utzi zuenean. Arratsaldean ez zen haren bila itzuli eta horrek senideak ohartarazi zituen.
Hipotesi nagusia Dalmauk bere buruaz beste egin zuela da. Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, beste hipotesi batzuk ez ditu baztertu Poliziak, baina "printzipioz" suizidioa izan dela ematen du, izan ere, Mallorcako presidente ohiak depresioa zuen eta gorpua aurkitu duten tokia beste suizida batzuek erabili dute aurretik.