Itxi

Iruzkina

Eskuin muturreko zoro bat

Jesus Torquemada

Badirudi Jo Cox diputatu laborista hil duen gizonak buruko gaitzen bat duela, baina "Lehenik Britainia" oihukatu izanak kutsu politikoa ematen dio hilketari.

Zaila da neurtzea Jo Cox diputatuaren hilketak datorren asteko erreferendumean izango duen eragina. Ukaezina dena da kanpaina goitik behera aldatu duena. Alde bateko eta besteko politikoek euren mezuak neurtu beharko dituzte. Orain arte, kanpaina zikina izan da: bai Europa Batasunean jarraitu nahi dutenak eta baita alde egitearen alde daudenak ere, elkarri irainak botatzen, gezurretan eta albisteak puzten aritu dira.

Lehen begiratuan, diputatu laboristaren hilketa buruko gaitzen bat zuen lagun baten ekintza izan dela dirudi. Baina, modu basatian hiltzen ari zen bitartean hiru aldiz "Lehenik Britainia" oihukatu izanak kutsu politikoa ematen dio gertatutakoari. Cox diputatu gaztea ezaguna zen giza eskubideen aldeko auzien babesa eman zielako, Siriako errefuxiatuak hartzea defendatzen zuen, eta Europako Batasunean jarraitzearen aldeko botoa eskatu zuen.

Bestalde, Britain First, "Lehenik Britainia", Europako Batasunatik alde egin nahi dutenek erabiltzen duten leloa da; baina, ultra eskuineko alderdi baten izena ere bada, etorkinen kontra dagoena eta ideologoa arrazista duena. Beraz, hiltzaileak burua nahastuta izango du, baina badirudi buruko gaintzen bat duen ultraeskuindar bat dela.