Itxi

Iruzkina

Sumindutako zurien garaipena

Jesus Torquemada

Kalera atera diren sumindutako zuri bakarrak 'Occupy Wall Street'ekoak dira, besteak, eskuinekoak, etxean gordeta zeuden.

Ez genekien zenbat zuri zegoen sutan Estatu Batuetan. Orain badakigu: Donald Trump presidente egiteko adina. Hispanoak Clintonen alde mugitu badira ere, gehiago izan dira Trumpen alde mugitu diren zuriak. Orain arte kalera atera diren sumindutako zuri bakarrak 'Occupy Wall Street'ekoak izan dira, besteak, eskuinekoak, etxean gordeta zeuden. Bereziki, "erdoildutako gerrikoa" esaten zaion estatuetako langile zuriak. Izen hori ematen zaio industria indartsua zegoen lekua delako: altzairutegiak edo auto fabrikak, krisiak zigortu eta jende asko lanik gabe utzi zuten industriak. Laku handien inguruko estatuak dira: Pennsylvania, Ohio, Indiana, Michigan, Wisconsin…  Illinois da salbuespena, Clintonen alde egin du eta.

Trumpek lortu du langile zuri horiek konbentzitzea. Euren arazoen errudunak txinatarrak, mexikarrak, beltzak eta hispanoak direla sinestaraztea. Beste batzuei kenduko diena, beraiei emango diela agindu die. Sinetsi egin diote, eta Ameriketako Estatu Batuak modu arriskutsuan zatituta geratu dira, gero eta aldenduago dauden bi zatitan.