Itxi

Iruzkina

Sozialista frantsesek ezkerraren alde egin dute

Jesus Torquemada

Militanteek Hollanderen gobernua zigortu nahi izan dute, bere eskuineko politikengatik. Baina badirudi Vallsen alde egin duten askok ez dutela Hamon bozkatuko.

Frantziako Partidu Sozialistak aurpegi ezkertiarra erakutsiko du presidentea aukeratzeko hurrengo hauteskundetan. Primarioetan irabazi duen hautagaiak, Benoit Hamonek, bere programan bildu dituen hainbat proposamen ezkertiar peto-peto batenak dira. Adibidez, 750 euroko gizarte lansaria ezartzea, mundu guztiarentzat; Europako Batasunak ezarritako defizit mugak aintzat ez hartzea, eta marihuana legeztatzea.

Hamon aukeratzeak eta Manuel Vallsen porrotak erakusten dute militante sozialistek zigortu egin dutela azken bost urteotan Hollandek gidatu duen gobernu sozialista. Besteak beste, uste dutelako gobernu horrek eskuineko politika egin duela, lan erreforma bezalako erabakiekin.

Alderdia zatituta dago. Badirudi Vallsen alde egin duten askok ez dutela Hamonen alde bozkatuko Presidentetza hauteskundeetan. Beti esan ohi da Europako partidu sozialdemokratak indarra galtzen ari direla ez direlako nahikoa ezkertiarrak. Hori hala ote den ikusteko aukera ona izango da Hamonen hautagaitza. Aurrekari interesgarri bat dago. Sozialista britainiarrek Jeremy Corbyn aukeratu zuten, ez ez doakio batere ondo emaitzetan eta alderdi barruan ere.