Iruzkina
Indarrez hasi da Frantziako hauteskunde kanpaina
Jesus Torquemada
Ezagutzen ditugu hiru presidentegairen asmoak: Jean-Luc Melenchon, Benoit Hamon eta Marie Le Pen. Hauteskunde kanpainak, ordea, sorpresak ditu gordeta.
Abiatu da Frantziako hauteskunde kanpaina. Asteburuan mitin handiak egin dituzte hautagai nagusietako hiruk, eta badakigu jada zein diren euren hauteskunde programak. Jean-Luc Melenchon gizarteko sektore ezkerrekoenen botoak bereganatzen ahaleginduko da. Bere alderdiko izena bera, adierazgarria da oso: Frantzia intsumisoa.
Benoit Hamon, berriz, Gobernu Sozialistaren bost urteko gobernutik geratzen dena salbatzen saiatuko da. Marine Le Penek, aldiz, izua astinduko du: frantziarrek euren subiranotasuna galtzeko arriskuari buruz duten izua eta atentatu jihadista gehiagoren biktima izateko izua.
Baina hauteskunde kanpaina honek, seguru, izango du sorpresarik. Eskuin klasikoaren hautagaiak, Francois Fillonek, adibidez, arazo handia du bere familiak bidegabeki jasotako diru publikoak direla eta. Eta horrek aukera ematen dio bosgarren hautagaiari: Emmanuel Macroni. Macronek utzi egin zuen Gobernu sozialista eta orain En Marche (Martxan) izeneko alderdiaren burua da. Macronek dio ez dela ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa. Ez da oso ezaguna Frantziatik kanpora, eta oraindik programarik ere ez du aurkeztu, baina… hara! bera izan liteke hurrengo Frantziako presidentea.