Itxi

Urteurrena

Srebrenicako sarraskiaren 15. urtemuga oroitu dute Bosnian

Erredakzioa

Milaka pertsona eta Bosniako eta inguruko herrialdeetako hainbat agintari bildu dira Srebrenicako tragedia oroitzeko. Bertan 8.000 gizon musulman erail zituzten.

Bosniak Srebrenican duela 15 urte izandako sarraskia gogoratu du gaur. Bertan 8.000 gizon musulman hil zituzten Ratko Mladicen tropa serbobosniarrek ekialdeko gune musulmana menpean hartu eta gutxira.

15. urtemuga honetan 50.000 pertsona inguru bildu dira, Bosniako eta inguko herrialdeetako ordezkari politikoak barne, eta Turkia, Belgika eta Europako beste herrialdeetako agintariekin batera. Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak mezu bat helarazi die han bildutako guztiei: Srebrenicako izugarrikeria gure kontzientzia kolektiboan daukagun orbana da. Gure eginbeharra gertatutakoa ez ahaztu eta etorkizunean errepika ez dadin lortzea da".

Ekitaldi horretan gainera, identifikatutako 775 biktimen gorpuzkiei lur eman diete Potocariko memorialean, Srebrenicatik gertu. Sarraski honetako talde ehorzketarik handiena izan da gaurkoa.

Mladic generala, oraindik ihes eginda

Sarraskia 1995ko uztailaren 11an gertatu zen, Bosniako gerra zibila amaitu baino hilabete batzuk lehenago. Srebrenica Nazio Batuen kaskourdin holandarren babespean zegoen baina, hala ere, serbobosniar tropek tokia menpean hartzea lortu zuten.

Orain arte, 3.749 biktima lurperatu dituzte Potocariko hilerrian, guztiak DNA probei esker identifikatutakoak.

Gaur egun, 15 urte beranduago, Ratko Mladic serbobosniar general ohiak justiziatik ihes eginda jarraitzen du nahiz eta lehengo Jugoslaviarako Nazioarteko Auzitegi Penalak sarraskiaren arduradun nagusitzat jo.

Europako parlamentuak, Europa osoan Srebrenicako genozidioa gogoratzeko eguna izendatu du uztailaren 11.



Bideoak (2)