Itxi

Kuba

Fidel Castro jendaurrean berragertu da lau urteren ondoren

Erredakzioa

"Cubadebate" web ofizialak Castroren hainbat argazki publikatu ditu Habanako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionalari aste honetan bertan egindako bisitan.

Gaur bertan konfirmatu dute, ofizialki, Fidel Castro Kubako presidente ohiak egindako lehen agerraldi publikoa. "Cubadebate" webgune ofizialak erakusten duenez, buruzagi kubatarrak Habanako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionala bisitatu zuen, 2006an gaixo jarri zenetik lehen aldiz jendaurrean agertuz.

"Cubadebate"ren informazioaren arabera, "Fidel Castro Komandantea Habanako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionalean izan da asteazken honetan, uztailak 7, Kubako hiriburuko polo zientifikoa bultzatu duen erakundearen 45. urtemuga ospatzeko".

Webguneak bost argazki argitaratu ditu, Alex Castro Soto del Valle Castroren semeak egindakoak. Bertan buruzagi kubatarra erakundeko hainbat ordezkarirekin hizketan agertzen da, zutik eta eserita, kirola egiteko arropa zuriz jantzita.

Presidente ohia hizketan eta irribarrez agertzen da bulego baten barruan eta gero kanpoaldean. Seigarren argazki bat ere badago, bertan langileek Castro balkoi batetik nola agurtu eta txalotzen duten ikusten da.


2006tik egindako lehen agerraldi publikoa

Bisita hau komunikabide ofizial batek konfirmatutako lehena da Castro 2006. urtean gaixotu eta boterea Raul bere anaiari utzi zionetik.

Fidel Castrok 84 urte beteko ditu abuztuaren 13an eta 2006ko uztailaren 26an egin zuen bere azken agerraldi publikoa. Bitartean, liderraren irudi eta bideo gutxi batzuk bakarrik ikusi dira. Gehienetan bere etxean bertan agertzen da buruzagi politiko ezberdinen bisita hartzen.

Gaur arte argitaratutako azken irudiak otsailean hartutakoak ziren, Brasilgo Lula da Silva presidentearen bisita jaso zuenean.