Iruzkina
Nicolas Maduroren 'Fujimorikada'
Jesus Torquemada
Venezuelako Auzitegi Gorenak eskumenak kendu dizkio Parlamentuari. Fujimorik Perun egindako kolpearen antza badu Maduroren honek ere.
20015ko abenduko hauteskundeetan aukeratutako Venezuelako Asanblada Nazionala, praktikan, desegin egin du Auzitegi Gorenak. Hauteskunde horiek oposizioak irabazi zituen eta, gaur egun, beraz, gehiengoa osatzen dute Parlamentuan. Asanblada eratu zen unetik beretik, Nicolas Maduro presidentearen obsesioa izan da hura kosta ahala kosta desaktibatzea, Chavismoaren kontrako legerik onartzeko gauza izan ez zedin. Asmo horrekin jo zuen Auzitegi Gorenenera, epaile chavistak nagusi direlako erakunde horretan.
Auzitegi Gorenak agindutako ebazpenak ez dituela betetzen argudiatuta hartu ditu orain, erakunde horrek, Parlamentuaren eskumenak. Eta hori botere banaketaren printzipioa bortxatzea da, argi eta garbi. Gainera, Auzitegi Gorenak, lehenaz gain, aparteko boterea eman dio Madurori.
Beraz, Parlamentuaren kontrapisurik gabe, Madurok diktadore baten pare agintzeko aukera izango du hemendik aurrera. Oposizioak salatu du estatu kolpea izan dela. Egia dena da, Fujimorik Perun egindako auto-kolpe haren antza baduela honek. 1992ko hartan ere, Parlamentua baztertu eta diktadore bihurtu zen Fujimori.