Zortzi egun jaietan
Donostia Aste Nagusian murgildu du kanoikadak, urtero legez
Erredakzioa
Bost zine zuzendarik 'Artillero' abestu dute milaka pertsonaren aurrean jaiari ongietorria emanez. Jaiak zortzi egun iraungo ditu eta 300 ekitaldi baino gehiago izango dira.
Luis Mocoroa Euskal Gastronomia Kofradiako artilleroak kanoikada jo du 19:00etan eta Donostiako Aste Nagusiari hasiera ofiziala eman dio; jaia zortzi egunez luzatuko da eta 300 ekitalditik gora izango dira.
Borja Cobeaga, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Pablo Malo eta Ione Hernández zinema zuzendariek ohiko ''Artillero'' abestu dute milaka pertsonen aurrean eta Musikalis abesbatzaren laguntzarekin.
Udaletxeko balkoian, berriz, Odon Elorza alkateak eta Pepon Nieto eta Anabel Alonso aktoreek jaietako zapia soinean jarri dute gainontzeko donostiarrekin jai giroan bat eginez.
Aurretik, Jammu, Mc Jearas Band eta Joselontxos taldeek jai giroa piztu dute eta jendea Alderdi Ederrera gerturatzera deitu dute hiriko leku ezberdinetatik. Boulevardeko giroa, bitartean, Gertrudis rumba taldearen esku izan da.
300 ekitaldi baino gehiago jaietaz disfrutatzeko
Donostiako Aste Nagusian 327 ekitaldi izango dira aurten, inoiz baino gehiago, nahiz eta aurrekontua 2009koa baino %15 baxuagoa izan.
Kontzertuak eta su artifizial ospetsuak ekitaldi nagusiak izaten jarraitze dute, baina badago nobedaderik ere: Kursaaleko terrazak "nazioetako zelai" bihurtuko dira, mestizajea eta kultura aniztasuna goraipatzeko helburuarekin.
Musikari dagokionez, Sagueseko eszenatokiak Los Planetas, Delorean, The Wailers, Los Suaves, Maldita Nerea, Betagarri, Loquillo eta Kiko Veneno bezalako artistak hartuko ditu.
Musikaz gain, kirolak eta jaietako gainontzeko ekitaldiak, besteak beste, Alderdi Eder, Gipuzkoa Plaza, Koldo Mitxelena, Boulevard, Easo Plaza, Trinitate Plaza eta Konstituzio Plaza bezalako tokietan egingo dira.
Eta ezin ahaztu, Donostiako Kaia eta "Piraten abordatzea", denbora gutxian “Aste Nagusiko klasikoa” bihurtu den ekitaldia.