Itxi

Aurrekontuak 2011

Urkullu: "EAJ ez da Zapateroren flotagailua, ezta PPren eskailera ere"

Erredakzioa

Buruzagi jeltzalearen esanetan, enpleguaren transferentzia lortzeak ez du esan nahi Gobernuarekin 2011ko Aurrekontuak onartzeko akordioa egin denik, oraindik ez baitira negoziatzen hasi.

EAJko presidentea den Iñigo Urkulluk adierazi duenez, Enplegu Politika Aktiboen transferentzia Euskadira ekartzeko atzo lortutako akordioak 2011ko Aurrekontu Orokorren negoziaziorako ateak zabaltzea besterik ez du egin. Urkulluk gaineratu du EAJ ez dela "Zapateroren flotagailua", ezta "hauteskunde lasterketa baterako Rajoyk erabil dezakeen eskailera ere".

Argi utzi nahi izan du Urkulluk, eskumen horren negoziazioan bere alderdiak izan duen helburu bakarra Euskadiren alde lan egitea eta euskal herritarren interesak defendatzea izan dela. Akordioa Euskadirentzat "EAJren bidez" lortutako "lorpen" bat dela gaineratu du.

Akordio honek iazko aurrekontuen negoziazioan PSOEk eta EAJk iaz lortutako konpromisoa ixten duela zehaztu du buruzagi jeltzaleak eta ez duela bestelako negoziaziorik suposatzen.

Datozen aurrekontu orokorren eztabaidari begira, azaldu du Urkulluk, bere alderdiak hiru kapitulu jarriko ditu mahai gainean: geratzen diren zazpi eskumenen transferentzia, Euskadirentzat estrategikoak diren proiektu eta inbertsioen negoziazioa, eta "gizartearen gehiengoa errespetatuz, Euskadiren normalizazio politikoan lan egiteko" denborarik ez galtzearen beharrari buruz hausnarketa.

Akordioak Gizarte Segurantzaren kutxa bateratua haustea ekarriko ote duen galdetuta, Urkulluk argi utzi du bere alderdiak defendatzen duen tesia bermatzen duen jurisprudentzia dagoela.

Albisteak (1)