Iruzkina
Angela Merkel, bizirik dirauena
Jesus Torquemada
Kantzilerrak erabaki garrantzitsuak hartu ditu berez bere ideologia kristau-demokratarekin bat ez datozenak: bikote homosexualen ezkontzarena, gutxieneko soldatarena, baina batez ere errefuxiatuena.
Angela Merkel da krisitik bizirik irten den bakarra. Europako agintari guztiak bata bestearen atzetik erortzen joan dira, baina berak aginteari eutsi dio. Hainbat arrazoirengatik lortu du hori. Alemaniako ekonomia oso ondo doalako, ia langabeziarik ez dagoelako eta Alemaniak potentzia esportatzaile nagusia izaten jarraitzen duelako, besteak beste. Alemaniar askok uste du hori Merkelen kudeaketari esker izan dela, Europan austeritate politika ezarri duelako, Alemaniaren mesedetan eta gainerakoen kaltetan.
Beste arrazoietako bat Merkelen moldakortasuna da. Kantzilerrak erabaki garrantzitsuak hartu ditu teorian bere ideologia kristau-demokratarekin bat ez datozenak: Fukushimako istripuaren ostean, 2026a aurretik zentral nuklearrak kentzeko erabakia hartu zuen. Bikote homosexualen ezkontzari bide eman zion, bere alderdiko parlamentariei boto askatasuna emanaz. Gutxieneko soldata sortzea onartu zuen (orain arte Alemanian ez zegoen horrelakorik), eta batez ere, duela bi urte Siriatik ihesi zihoazen errefuxiatuei atea zabaldu zien. Baina erabaki guzti horiek, eta batez ere, errefuxiatuen gainekoak, atea zabaldu dio eskuin-muturra hainbesterainoko indarrez Bundestangean sartzeari. Merkelek ezkerretik lortu dituen botoak eskuinetik galdu ditu. Horrek adierazten digu zergatik hauteskundeak irabazi arren, hainbeste boto eta portzentaje galdu duen aurreko hauteskundeekin alderatuta.