Itxi

Analisia

AEBk oraindik gogoratzen du Kennedy

Jesus Torquemada

Adituek ohartarazi dute ez dela sorpresa handirik espero, baina hainbat xehetasun aterako dira argitara. Segur aski, FBIk eta CIAk egin zituzten hutsegiteak argituko dira oraingoan.

Hil zutela 50 urte luze pasa ondoren ere, Estatu Batuetako historiako gertakari handienetako bat izaten jarraitzen du Kennedyren hilketak. Estatubatuar nagusiek beti gogoratzen dute non zeuden eta zehazki zer egiten ari ziren Kennedy hil zutenean eta Amstrongek ilargia zapaldu zuenean.

Gazteentzat, dorre bikien kontrako erasoa da erreferentzia historiko nagusia, baina Kennedyk ere erabat erakartzen ditu. Horregatik sortu du halako jakinmina orain arte ezkutuan dauden dokumentuak argitara aterako direla iragartzeak.

Adituek ohartarazi dute ez dela sorpresa handirik espero, baina xehetasun hainbat aterako dira argitara. Segur aski, FBIk eta CIAk egin zituzten hutsegiteak argituko dira, ez baitzuten jakin Lee Harvey Oswald hiltzailea kontrolatzen. Akaso ez zuten nahi izan. Agian, jakingo dugu zerbait gehiago Oswaldek Kuba eta Soviet Batasunak Mexikon zituzten enbaxadetara egindako bisita arraroei buruz.

Estatu Batuetako gehien-gehienak sinetsita daude Oswald ez zela bakarrik aritu eta hura, dudarik gabe, konspirazio bat izan zela. Kennedy hil eta bi egunetara garbitu zuten Oswald. Poliziaren zaintzapean zegoela hil zuen Jack Ruby mafiako kideak. Sinestezina. Ruby minbiziak jota hil zen kartzelan, handik hiru urtera. Ez zen lekukorik geratu. Konspirazio perfektua izan zen.