'Diplomazia'
Liebermanek bere 'arazoak konpontzera' bidali du Moratinos
Erredakzioa
Horrela erantzun zion Israelgo Atzerri ministroak Ekialde Hurbilean bake prozesua bultzatzeko Espainia eta Frantziako ministroek egindako saiakerari. Ondoren, barkamena eskatu du.
Avigdor Lieberman Israelgo Atzerri Ministroak Espainia eta Frantziako atzerri ministroak "lotsarazi" egin zituen atzo, Israelgo prentsaren arabera, "Europako arazoak konpontzera" bidali baitzituen, israeldarrei "ezer erakutsi baino lehen".
Bake prozesuari bultzada emateko asmoz, Moratinos eta Kouchnerrekin izandako bileran, Liebermanek honela erantzun zien bere homologoei: "Hemen gatazkak zelan konpondu behar ditugun irakastera etorri baino lehen, hobe zenukete Europan arazoak konpontzea".
Liebermanek gaineratu zuenez, "gu ez gaude 2000 urteetako Txekoslovakia izateko prest –europarrek nazien esku utzita-, eta Israelen interesak defendatzeari eutsiko diogu".
Ondoren, Liebermanek Moratinos deitu du bere hitzak prentsan agertu direlako barkamena eskatzeko. Karguan emandako urte eta erdi inguruan, hainbat aldiz jarri du Liebermanek Israelgo diplomazia estualdietan.
Gaur, astelehena, Europako ministro biak Salam Fayad Palestinako lehen ministroarekin bilduko dira Frantziak Jerusalemen duen kontsulatuan. Jarraian, Jerico Zisjordaniako hirian, kooperazio proiektu bi inauguratuko dituzte, Frantziako bat eta Espainiako beste bat. Arratsaldean, Jordaniara joango dira Abdala II. erregearekin biltzera.