Kargatzen...
Itxi

Iruzkina

Yemen, krisialdi humanitarioa izateko zorian

Jesus Torquemada

Yemengo gerra, duela bi urte piztutakoa, Iranen eta Saudi ARabiaren arteko aurrez aurrekoaren beste atal bat da.

Yemenen krisi humanitarioa gertatzeko zorian dago duela bi urtetik herrialdea astintzen ari den gerraren ondorioz. Irakeko eta Siriako gerrek estali egin dute Yemengoa, haiei nazioartean arreta gehiago eskaini zaie. Joan den astean, misil bat behera bota zuten Saudi Arabiako hiriburutik, Riadeko aireportutik, gertu. Saudiarabiarrek diote Yemengo matxinoek bota zutela, Iranen egindako misila zela eta matxinoek eskura zutela Iranek eman zielako. Horren ondotik, Saudia Arabiako itsasontziak Yemengo kostaldea blokeatzen ari dira itsasoz, bertako errebeldeei hornidura gehiago iristea galarazteko. Itsasoz bakarrik ez, lurrez ere saudiarabiarrek mugak itxi dituzte eta, Emirerrietako euren aliatuekin batera errebeldeen kontrolpean dagoen Yemengo zonaldera airez iristea ere galarazten ari dira.

Hori gosete arriskua ari da eragiten Yemenen, jada janaria falta dute bertan, izan ere, herrialde horrek inportatu egin behar izaten du bere elikagaien zati bat. Yemengo gerra Iranen eta Saudi Arabiaren arteko aurrez aurrekoaren beste kapitulu bat da. Yemenen, inguruko beste herrialde batzuetan bezala, denak musulmanak dira, batzuk, ordea, musulman suniak dira, eta besteak, xiitak. Saudi Arabia musulman sunien babesle jotzen da, eta Iran, berriz, musulman xiitena…. Beraz, Yemenen gerrilla xiita bat agertu zenean Iranek berehala eman zion babesa, eta Saudi Arabia, berriz, berehala joan zen Gobernuari laguntza ematera lehenbailehen gerrilla hori garaitzen saiatzeko.