Itxi

Iruzkina

Gauza arraroak gertatu ziren AEBko hauteskunde kanpainan

Jesus Torquemada

Trumpen ibilbide politikoa hankaz gora jar zezakeen bideoa atera eta biharamunera Wikileaksek Clintoni kalte handia egin zioten mezu elektronikoak zabaldu zituen.

Gauza arraroak gertatu ziren Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hauteskunde kanpainan. Egiak dira batzuk, baina beste batzuk susmoak besterik ez. Adibidez, egia da hau: Trumpek emakumeei ukituak egiten zizkiela aitortzen zuen bideo ezagun hura (gogoratuko duzue "aberatsa eta ezaguna zarenean dena ukitzen uzten dizute" esaten zuen bideo hura) zabaldu biharamunean, Wikileaksek Hillary Clintoni kalte handia egin zioten mezu elektronikoak zabaldu zituen. Alegia, Trumpen ibilbide politikoa leherrarazteko moduko eskandalua zabaltzear zenean, Julian Assangen atariak Alderdi Demokratari egin zion kalte, eta Trumpen bideoa itzalean geratu zen.

Beste gertakari bat: AEBko egunkari batek argitaratu du Trumpen seme zaharrenak, Donal Juniorrek, Assangekin mezuak trukatu zituela garai hartan. Eta egia da ezin izan duela, oraingoz, hori gezurtatu. Gehiago: Trumpen inguruko hainbat kidek bilerak egin zituzten Errusiak Washingtonen duen enbaxadorearekin. Hor dute abiapuntua susmoek. Oraindik frogatzeke dauden susmoak dira mezu elektroniko haiek hacker errusiarrek lortu zituztela eta Assangi eman zizkiotela hark filtratu zitzan. Assange Puttinekin eskertuta dagoela ere susmoa da, hark Edward Snowdeni babesa eman ziolako AEBko inteligentziarentzat arriskutsu ziren dokumentuak Wikileaksi helarazteagatik. Ez dakigu zehazki zer gertatu zen, baina gauza arraroak gertatu ziren, inondik ere.