Analisia
Suizidioa Hagan
Jesus Torquemada
Alde guztiek egin zituzten gerra krimenak, gehienak serbiarrek egin arren. Joan den astean Miladic zigortu zuten, baina kroaziarrek ere egin zituzten, Praljaken epaiak erakutsi duenez.
Mundu osoan harridura eragin du Praljak jeneral ohi kroaziarrak kameren aurrean bere buruaz beste egin izanak. Jugoslavia ohiko krimenak epaitzen dituen Nazioarteko Auzitegi Penalak, Hagan egoitza duenak, 20 urteko kartzela zigorra ezarri berri zion Bosniako gerran egindako krimenengatik.
1992an, gerra horren hasieran, Bosniako kroaziarrek Herzeg-Bosna izeneko Errepublika aldarrikatu zuten eta musulman bosniarren kontra borrokan hasi ziren. Garai horretakoak dira Praljaki leporatzen dizkioten krimenak. Handik bi urtera, ordea, Bosniako kroaziarrek estrategia aldatu zuten, musulmanekin bat egin zuten elkarrekin serbiarren kontra borroka egiteko.
Alde guztiek egin zituzten gerra krimenak, gehienak serbiarrek egin zituzten arren. Hagako Epaitegiak joan den astean Bosniako serbiarren buru militarra izan zen Ratko Mladici ezarri zion zigorra, baina kroaziarrek ere egin zituzten gerra krimenak, Praljaken kontrako sententziak erakutsi duen moduan.
Ez da bera izan bere buruaz beste egin duen bakarra. Zuzenean ez bada ere, aurrez kartzelan euren buruaz beste egin zuten Docmanovicek eta Babicek. Serbiako presidente izan zen Slobodan Milosevic ere kartzelako ziegan hil zen, hura gaixo zegoelako. Bere kontrako sententzia eman aurretik hil zen Milosevic.