Urriak 25
EAJ aurten ere ez da egongo Estatutua ospatzeko ekitaldian
Erredakzioa
Rodolfo Aresek koherentzia falta salatu du, EAJk enplegu politika aktiboen eskumena negoziatu berri baitu.
Aurten, iaz bezala, EAJ ez da joango Estatutuaren urteurrena dela-eta urriaren 25erako Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldira, jeltzaleen ustez, "bete gabe dagoen araudia" baita.
Alderdi Jeltzaletik jakitera eman dutenez, EAJko kide batzuk erakundeen ordezkari gisa egongo dira bertan, baina ez da EAJko ordezkaritza ofizialik joango.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "koherentziarik gabekotzat" jo du erabakia eta EAJk Estatutuaren inguruan erabiltzen duen "hizkera bikoitzaren" baitan ulertu behar dela gaineratu du.
Iaz ospatu zuen lehendabiziko aldiz Patxi Lopez lehendakariak Estatutuaren urteurrena, Jose Antonio Ardanzak 1989.ean, artean lehendakaria zela, azkeneko aldiz egin ostean.
Ordutik, alderdi abertzaleek, eta EAJk bereziki, ez dute urteurrena ospatu nahi izan, bete gabeko legea dela uste dutelako, Euskadik ez baitu Estatutuak jasotzen dituen eskumen guztiak bereganatu.
Aurten, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozemaileak ospakizunean parte hartzera deitu du EAJ, enplegu politika aktiboen transferentziarekin Estatutua "bete" dela uste baitu.