Elkarrizketa, ETBn
Benegasek gogoratu du PSE-EEk kudeatuko dituela transferentziak
Erredakzioa
PSOEko diputatuaren esanetan, EAJk "domina-zerrenda" gogoko du, baina PSE-EEko Gobernua izango da Rodriguez Zapateroren gobernuarekin adostutako transferentziak kudeatuko dituena.
ETBko "Egun on, Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, Txiki Benegas diputatu sozialistak adierazi du ez duela uste PSOE eta EAJren arteko akordioan "marra gorriak" gainditu direnik. Jeltzaleekin paktua lortzea "legegintzaldi honekin aurrera jarraitzeko Gobernuak zuen aukera bakarra" zela gogorarazi du.
Benegasen esanetan, Lehendakariak eta PSE-EEk uneoro izan dute negoziazio prozesuaren berri eta ideia batzuk eman ere egin dute. "Zenbaitek domina-zerrenda dute gogoko, baina sozialistek kudeatuko ditugu Euskadira etorriko diren eskumen eta baliabide guzti horiek", gaineratu du.
EAJ negoziazioan sartu zenerako, Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen transferentzia "oso negoziatuta eta aurreratuta" zeukala adierazi du.
Eskumenak eztabaidatzeko EAJ, PSOE eta PSEren artean sortuko duten batzordean parte hartuko dutela gaineratu du, eta bertan, Eduardo Madina sozialista egongo dela aurreratu du Benegasek.
"Pozik gaude, eta baita EAJ Autonomia Estatutuan sartuko delako eta Espainiako presidentearen eta EAJko presidentearen artean elkarrizketa dagoelako. Garrantzitsua da prozesu honi esker EAJ eta PSOEren arteko harremana hobetu izana, denok baitugu helburutzat Euskadin indarkeria desagertzea", esan du.