Iruzkina
Oraindik bide luzea dago Alemanian
Jesus Torquemada
Militante sozialdemokraten babesa lortzeko Merkelek hainbat eskari onartu beharko lituzke, baina horrekin bere alderdiko militanteen babesa gal lezake.
Oraindik ez dago eta gobernurik Alemanian, eta ez dakigu egongo denik ere. Martin Schulzen sozialdemokratek baiezkoa eman diote Angela Merkelen demokristauekin negoziatzen jarraitzeari, baina gogo handirik gabe egin dute. Negoziazioen azken emaitza gobernu ituna izango da, baina hori onartu egin beharko dute sozialdemokraten oinarriek. Atzo alderdiaren buruzagiak izan ziren botoa eman zutenak, ezohiko kongresu baten moduko bileran, eta Schulzek gutxigatik Koalizio Handia errepikatzeko bere plana inposatzea lortu du. Alderdiko militante guztiek bozkatzen dutenean, ordea, ez dago hain argi lortuko ote duen. Merkelek zertan emango duen amore, horren baitan egongo da azken erabakia.
Militante sozialdemokratek baiezkoa ematea ziurtatzeko, Merkelek programa sozialdemokrataren zati handi bat onartu beharko luke, esaterako, lan legedian eta errefuxiatuen eskubideen gainean hobekuntza nabarmenak onartuz. Baina hori onartzen badu etxe barruan, militante demokristauen artean izan dezake Merkelek kontrako jarrera. Ez dago, beraz, negoziazio bakar bat, bi negoziazio baizik: bi alderdiek elkarren artean dutena eta alderdi bakoitzak bere barruan duena.