Bahiketak Somalian
Somaliako piratek 30 itsasontzi eta 510 pertsona bahituta dituzte
Erredakzioa
Montzoia amaituta, piratak itsasora itzuli dira, gero eta baliabide modernoagoak dituztela itsasontzien erreskatearen truke jasotako milioika dolarrei esker.
Atzerriko 30 itsasontzi eta 510 tripulatzaile inguru bahituta dituzte Somaliako piratek, Ecoterra, Afrikako ekialdean nabigazioa eta arrantza kontrolatzen duen gobernuz kanpoko erakundearen datuen arabera.
Nazioarteko Itsas Erakundeak, berriz, ez ditu inguruko herrialdeetako ontzi txikiak kontuan hartzen, eta, beraz, hogei ontzi eta 438 tripulatzaile zenbatu ditu. Horietatik ehun azken hilabetean bahitu dituzte.
Bahitutakoen artean, azaroaren 1ean Kenyako kostaldean yate batean bahitutako Hegoafrikako gizon bat eta emakume bat daude. Horiekin batera, ihes egitea lortu zuen beste tripulatzaile bat zegoen. Ustez, piratek laugarren tripulatzaile bat hil zuten; hala ere, informazio hori baieztatu gabe dago.
Itsasontziak askatzearen truke ordaindutako diru kopuru handiei esker (ehunka milioi dolar azken bost urteotan Nazio Batuen arabera), piratek gero eta baliabide modernoagoak dituzte; hortaz, gero eta urrunago eta sarriago bahitzen dituzte ontziak. Piratek ekintza gehiago burutu dituzte azken bi hilabetetan, irailean montzoi garaia amaitu baitzen, eta horrek nabigazioa errazten du.
Somalia etengabeko gerra zibil egoeran dago, izan ere, 1991ean Siad Barre diktadorea boteretik bota zutenetik ez dauka benetako gobernurik.