Itxi

Analisia

Estatu Batuak: ohiko sarraskia

Jesus Torquemada

Erredakzioa

Obama ahalegindu zen zerbait egiten armen salmenta mugatzeko. Aldiz, Trumpek esan du ez duela salmenta hori kontrolatuko.

Errepikapenaren errepikapenez, Estatu Batuetako tiroketei buruzkoek albiste izateari utzi egingo diote gutxi barru. Oraingo honetan 17 hildako izan dira; hiru hilabete baino ez direla, azaroan, 26 lagun hil zituzten Texasen, Sutherland Springs herriko eliza batean. Hilabete lehenago, Las Vegasen, gizonezko batek 59 lagun hil eta beste 500 zauritu zituen.

Hiru hilketa hauek Trumpen agintaldiko lehen urtean gertatu dira. Baina ez dezagun demagogiarik egin. Akaso ez hain handiak baina antzekoak gertatu dira, baita ere, Obama, Bush edo Clintonen agintaldietan.

Diferentzia da Obama ahalegindu zela zerbait egiten armen salmenta mugatzeko. Aldiz, Trumpek esan du ez duela salmenta hori kontrolatuko. Trumpek eta bere jarraitzaileek Estatu Batuetako Konstituzioaren bigarren emendakinari eusten diote, eta euren interpretazioaren arabera, estatubatuar guztiek nahi adina arma eduki ditzaketela defendatzen jarraitzen dute. Eta Estatu Batuetan, konstituzioa sakratua da. Ezin da ukitu.

Orain, hilketa guztien biharamunean gertatzen den bezala, harrituta agertuko dira batzuk; senatari bakarren batek esango du honek ezin duela horrela jarraitu, Estatu Batuetan baino ez direla izaten modu honetako hilketak. Baina ezer egin gabe jarraituko dute.  Gaurtik aurrera ere, egunero, bataz beste, 95 lagun hilko dira tiroz Estatu Batuetan.