Emakumeen aurkako indarkeria
Biktimen % 77ri haurdun egonda ere eman dizkiete tratu txarrak
Erredakzioa
Emakume Progresisten Federazioaren arabera, Estatuan tratu txarrak ematen dituzten gizonak (% 83) espainolak izaten dira, eta ikasketak eta lana dituzte. Biktimen % 69 sexua behartuta egin dute inoiz.
Emakume Progresisten Federazioak kaleratutako ikerketa baten arabera, tratu txarrak ematen dituen gizonaren profila honakoa da: espainola da (% 83), erdi edo goi mailako ikasketak ditu eta lanean dago.
Txostenaren arabera, genero indarkeriaren biktimen % 82 espainolak dira, batez ere 36 eta 45 urte bitartekoak, jarraian 25 urtez beherakoak daude (% 18), %60k lana dauka, % 46k goi mailako ikasketak ditu eta %37k erdi mailako ikasketak.
"Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen osasun sexuala" ikerketa egiteko, aipatu federazioaren Arreta Zerbitzuan terapia jaso duten emakumeen esperientziak hartu dituzte oinarritzat. Emakume horien % 69k harreman sexualak izatera behartu dutela adierazi du, eta % 49k sexua babesik gabe izatera behartu dutela.
Horrez gainera, elkarrizketatuen % 77k haurdunaldian tratu txarrak jasan dituela esan du. Arreta Zerbitzuan lagundutako emakumeen % 54k osasun arazo larriak zituen, eta erdia baino gehiagok osasun arazoak tratu txarrekin lotu dituzte.