Itxi

Iruzkina

Italia, hauteskundeak errepikatzetik gertuago

Jesus Torquemada

Martxoko hauteskundeen emaitza konplexuaren ostean, ez da koalizio gobernurik osatu. Bost Izarrek eta Ligak uste dute bozak egitea mesede egingo liekeela; Berluskonik eta demokratek, ordea, ez.

Italia hauteskundeak errepikatzetik geroz eta hurbilago dago. Duela bi hilabete egindako hauteskundeek emaitza konplexua utzi zuten, eta espero zen bezala ez dira ados jarri koalizio gobernu bat osatzeko. Bost Izarren Mugimendua izan zen bozkatuena eta zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoarekin koalizio gobernu bat osatzeko aukera zuen, baina ez dira ados jarri. Bigarren alderdi bozkatuenak, Ligak, bat egin zezakeen Forza Italia Berlusconiren alderdiarekin baina ez zuten behar adinako gehiengorik lortu. Ezinezkoa zen, bestalde, Bost Izarren eta Ligaren arteko koalizio bat.

Sergio Matarella Italiako presidentea saiatzen ari da kontzentrazio gobernu bat osa dadin. Besterik ez bada ere hilabete batzuk iraungo dituen gobernu bat nahi du Italiak dituen premiazko arazoei irtenbidea emateko. Italiako ekonomia da Europako ekonomia nagusien artean gutxien hazten ari dena, eta aurrekontuak onartu gabe ditu. Horrez gain, hauteskunde legea berritu beharra dago, argi baitago egindako azken erreformak ez duela ezertarako balio izan. Ligak eta Bost Izarren Mugimenduak, ordea, uste dute hauteskundeak errepikatzeak mesede egingo diela eta ez dute Matarellaren proposamena onartu nahi. Alderdi Demokratikoarentzat zartako erabatekoa izan daitezke bozak, eta luzamendutan ibiltzea komeni zaio. Berlusconik ere ez du hauteskunderik nahi, 2019an bukatuko baita iruzur fiskalagatik ezarritako gaitasungabetzea.

Albisteak (1)