Itxi

Iruzkina

Balkanak bai, baina ez epe laburrean

Jesus Torquemada

EBk zuhurtasunaren aldeko jarrera hartu du: erreforma demokratikoen truke dirua agindu du, eta esan du, baietz, etorkizunean kide izan ditzakeela, baina ez 2025erako.

Europar Batasunak dilema garrantzitsua du Balkanen gainean. Serbiak, Montenegrok, Bosniak, Mazedoniak, Albaniak eta Kosovok Batasunean sartu nahi dute. Eta Batasunak badaki ezin dituela etxe atarian utzi. Zergatik? Hasteko, Batasunak kontinente osora zabaltzeko bokazioa duelako. Bigarrenik, Europar Batasunean sartzen ez badira, herrialde horiek oso ez-egonkor izaten jarraituko dutelako. Eta azkenik, eta garrantzitsuena: Europar Batasunak ez baditu kide horiek onartzen, Errusiak, Txinak eta Turkiak, aukera baliatu egingo dute eta Europako lur-eremu horretan sartuko dira.

Europar Batasuna, ordea, oraindik ez da behar bezala egokitu azken zabalkundeetara. Azken 14 urtetan, 15 kidetik 28 kidera zabaldu da Batasuna eta horrek funtzionamendu arazo handiak ekarri dizkio. Gainera, krisi ekonomiko eta sozialak ahituta utzi du Europar Batasuna. Ez dago ez indarrik, ez kontsentsurik, gehiago zabaltzeko. Eta are eta gutxiago, hain gatazkatsuak diren herrialdeetara zabaltzeko.

Serbia eta Kosovo kasik gerran daude. Bosnia, hirutan banatuta. Eta Mazedoniak, eztabaida historikoa du Greziarekin, bere izena dela eta. Testuinguru horretan, Batasunak zuhurtasunaren aldeko jarrera hartu du: erreforma demokratikoen truke dirua agindu du, eta esan du, baietz, etorkizunean kide izan ditzakeela. Baina ez 2025ean. Zabalkunderako aipatzen zuten data horren aipamena desagertu egin da, oraingoz.