Iruzkina
Botere-aldaketa Kolonbian
Jesus Torquemada
Ivan Duque presidenteak erronka zailak ditu: zer egin FARCekin sinatutako bake-akordioarekin, narkotrafikoa, ustelkeria eta gizarte ezberdintasunak.
Ivan Duquek erronka zailei egin beharko die aurre Kolonbiako presidente kargua hartu berritan. Lehenengo, erabaki beharko du zer egingo duen Juan Manuel Santos bere aurrekoak FARCekin sinatutako bake-akordioarekin. Duquek dio aldatu egin nahi duela, gogortu egin nahi duela; alegia, gerrillako kide izan zirenak kartzelara bidali nahi ditu. Eta, egiaz, kolonbiar askok hori bera pentsatzen dute, eta horregatik eman zioten babesa hauteskundeetan. Aldaketa horiek, ordea, akordioen mamia aldatu egingo lukete eta klandestinitatera bultzatuko lituzke, berriz, gerrillako kide izandakoak.
Arazo horri kokarako erabiltzen diren landa-lurrena gehitu behar zaio. Gora eta gora egiten ari dira eremu horiek. Eta FARCekin akordioak sinatu ostean, Kolonbiako segurtasun arazoak asko hobetu diren arren, hainbat ingurutan narkotrafikatzaileen indarra ere hazten ari da. Horrez gainera, ezingo ditu ahaztu ustelkeria eta gizarte desberdintasunak: Kolonbiako ekonomia hazten ari da, baina ez da banaketa ondo egiten ari. Eta horrek denak etorkizuna asko zailduko dio Duqueri.