Itxi

Analisia

Trumpen lehergailuak

Jesus Torquemada

Erredakzioa

Paketeen hartzaile guztiak Trumpen arerioak dira; zehatz esateko, berak "herriaren arerio" jo izan dituen pertsona eta erakundeak. Gorrotoan oinarritutako diskurtso oso arriskutsua ezarri du Trumpek.

Estatu Batuetan, hauteskunde kanpainan murgilduta daudenez, zirrara eragin du lehergai pakete ugari bidali izanak. Azaroaren 6an, Kongresuaren osaketa aukeratuko dute estatu batuarrek, eta nolabait, Trumpi buruzko erreferenduma ere izango da.

Litekeena da lehergai pakete hauen afera pertsona isolatu baten kontua izatea; Estatu Batuetan ohikoa den bezala, eskola, eliza edo kontzertuetan tiroka sartzen diren ergel horietako baten kontua izatea. Baina, aldi berean, ekidin ezina da, irakurketa politikoa egitea.

Paketeen hartzaile guztiak Trumpen arerioak dira; zehatz esateko, Trumpek  "herriaren arerio" jo izan dituen pertsona eta erakundeak. Trumpen eskuinak denetatik leporatu  die Hillary Clinton, George Soros eta CNN-ri: pedofiloak, antipatriotak, etorkinei laguntza emateaz herrialdea inbaditu dezaten… eta horrelako gauzak.

Gorrotoan oinarritutako diskurtso oso arriskutsua ezarri du Trumpek, hitz soiletan gera daitekeena edo "arerioa" ekintzak egitera bultza dezakeen diskurtsoa. Itxura guztien arabera, jarraitzaile batek ekintzak egitea erabaki du.