Iruzkina
'Sumindu'etatik 'txaleko hori'etara
Jesus Torquemada
Kaleetan daudenak dieselari ezarri nahi zaion ekotasaren aurka, gizarte desberdintasunen aurka, eta murrizketen aurka egiten ari dira protesta.
Lanera joateko, medikuarenera, erosketak egitera, edota eskolara… Frantzia erdialdean asko erabiltzen da autoa. Luxuzko kotxe gutxi ikusten da han; jendeak marka frantseseko kotxe zaharrak dauzka. Eta, ia gehienak, gasolioarekin ibiltzen dira. Horregatik, sortu da "txaleko horien" mugimendua, Gobernuak gasolioari ezarri nahi dion zerga are gehiago igoko duela iragarri duelako. Bat-batean sortutako mugimendua da, nahiz eta orain eskuin eta ezkerreko alderdiek bat egin nahi berarekin.
"Txaleko horiak" duela urte batzuetako "suminduak" dira. Dieselari ezarri nahi zaion ekotasaren aurka, gizarte desberdintasunen aurka, eta murrizketen aurka protesta egiten ari dira. Frantziako Gobernuak dio ekotasa ezarri nahi duela aldaketa klimatikoari aurre egiteko; baina Frantzia erdialdeko herritarrek diote eurak ez daukatela zertan ordaindu behar aldaketa klimatikoa. Auto elektrikoa oso ondo dagoela, baina auto hori Parisko jauntxoek soilik ordain dezaketela.