Iruzkina
Oztopo bat gainditu du Mayk
Jesus Torquemada
Theresa Mayk nahikoa erraz irabazi du konfiantza mozioa, baina orain 'brexita'ri buruzko bozketari aurre egin beharko dio Komunen Ganberan.
Oztopo handien artean, bat behintzat gainditzea lortu du Theresa Mayk, abiatu duen lasterketa amaigabean.
Oraingoan arazoa ez zetorren oposiziotik, bere alderdi barrutik baizik. Parlamentuko talde kontserbadoretik mahai gainean jarritako konfiantza mozioa zen. Galduz gero, dimisioa aurkeztu beste erremediorik ez zuen izango Mayk. Irabazi egin du, ordea, eta nahikoa erraz gainera, baina argi geratu da diputatu kontserbadoreen herena aurka duela.
Orain bigarren hesia du zain: brexitari buruzko akordioaren bozketa Parlamentuan. Zalantzarik ez da atzo bere aurka bozkatu zuten 117 diputatu kontserbadoreek akordioren kontra bozkatuko dutela, eta hortaz, nekez lortuko duela Parlamentuaren gehiengoa.
Eta hirugarren hesi baten gainean jauzi egin beharrean ere izan liteke May: oposizioak aurkeztu lezakeen zentsura mozioa. Alderdi Laboristak ez du arrisku hori hartu, oraingoz, aurrera aterako den ziurtasunik ez duelako, baina aukera hortxe dago oraindik ere.
Nolanahi ere, atzoko garaipena inportantea da Mayrentzat, beste urtebetez bidea itxita izango dute kontserbadore "bihurriek" berriro konfiantza mozioa aurkezteko.