Iruzkina
Europar Batasuna batuta, 'brexit'aren aurrean
Jesus Torquemada
Europar Batasunak aski dela esan du, ez duela langa gehiago jaitsiko, eman zaiela britainiarrei eman ahal zitzaien guzti-guztia.
Brexitaren prozesuan harrigarriena zera da: Europar Batasuna batuta ageri dela. Europar Batasuna britainiarren ordagoari eusten ari zaio. Akordiorik gabeko brexit baten arriskua handia da, eta ez zaio inori komeni, ez britainiarrei eta ezta gainontzeko europarrei ere; baina, Europar Batasunak aski dela esan du, ez duela langa gehiago jaitsiko, eman zaiela britainiarrei eman ahal zitzaien guzti-guztia.
Britainiarrak eurak bakarrik sartu dira saltsa horretan eta bide batez, europar guztiak sartu dituzte. Europako hiriburu guztietan iritzi bat da nagusi: hau kapritxo bat dela; britainiarrak ez zeuden hain gaizki Batasunaren barruan eta ez zuten erreferenduma egiteko beharrik. Beraz, faktura ez dugu beste europarrek ordaindu behar.
Baina mundu guztiak espero zuen, goiz edo berandu, hautsiko zela Europar herrialdeen batasuna eta ekialdeko herrialde zenbait euroeszeptizimoaren jokoan sartuko zela.
Ez da horrelako ezer gertatu eta europar mezua argia da: Britainiarrek erabaki dezatela behingoz zer egin nahi duten eta gero aurkituko dugu guztioi kalte gutxien eragingo digun irtenbidea. Baina azken ia bi urteetan negoziatu dena ez da ikutuko.