Itxi

Iruzkina

Trump, bere buruarekin pozik

Jesus Torquemada

AEBko Kongresuan bart egindako hitzaldian, presidenteak datuak manipulatu zituen esateko ekonomia bikain doala berari esker. Txinari muga-zergak ezartzen jarraituko duela ere iragarri zuen.

Trumpek AEBko Kongresuan bart egindako hitzaldia berrautaketa kanpainaren hasiera izan da. Nahiz eta hauteskundeak hurrengo urtean izan, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) kanpainak oso luzeak izan ohi dira. Trumpek presidente serio eta arduratsuaren irudia eman nahi izan zuen, oposizio demokratarekin akordioak lortzeko prest dagoen presidentea. Hitzaldian bere ustez ondo egin duen guztia azpimarratu zuen. Eta ohi duen gisan, datuak manipulatu zituen esateko ekonomia bikain doala berari esker. Pentsa: Ziurtatu zuen beragatik ez balitz, AEB eta Ipar Korea gerran egongo liratekeela. Hain zuzen, iragarri zuen otsailaren amaieran berriz elkartuko dela Kim iparkorearrarekin.

Madurori aipamen bat egin zion, bere "basakeria" salatu zuen, baina ez zuen inongo aztarnarik eman Venezuelan gerta daitekeenari buruz. Txinari denbora gehiago eskaini zion, esateko gerra komertzialarekin jarraituko duela. Trumpen arabera, Txina AEBz baliatu da, lana eta aberastasuna lapurtu dizkio. Hori gertatu da, bere esanetan, komertzioaren erruz, Txinak AEBra esportatzen duelako inportatzen duena baino asko gehiago. Hori amaitu da, Trumpen arabera. Txina behartu nahi du AEBtik gehiago inportatzera. Bestela muga-zergak ezartzen jarraituko du, hau da, komertzioa zergapetzen. Eta gerra komertzial hori da uneotan munduko ekonomiarentzat arrisku nagusiena.