Kargatzen...
Itxi

Iruzkina

Rosetta harria

Juanjo San Miguel

Erredakzioa

Jendeak, herritarrek, erantzunak behar dituzte, gero eta zailagoa den errealitateari aurre egiteko tresnak.

Iluntasuna ez da bakarrik argi falta,egoera askotan begien aurrean duguna bereizteko eta benetan zer den jakiteko eragozpenak izan ohi dira ilunpearen eragileak. Europako politikagintzan gero eta sarriago entzuten dugu populismoa dela arriskua, baten batzuek iruzur egin nahi digutela arazo larrienentzat konponbide errazak eskeinita. Bigarren Mundu Gerraz geroztik nagusi izan diren alderdiak noraezean dabiltza, urtetan balio izan duten erantzunak antzu bihurtu dira, sinesgaitzak. Itelektualek gaitasuna galdu dute herritar xumeei hausnarketen nondik norakoak erakusteko. Politikoak itsu eta gor bilakatu dira, beraiek eraiki eta eurek bakarrik aditu lezaketen lur arrotza sortu dute.

Orain dela 5.300 urte egiptoarrek idazkera hieroglifikoa asmatu zuten, marrazkien bidez bizien eta hilen munduak adierazi eta erakutsi zizkiguten. Idazkera mota hau Kristo Ondorengo IV. Mendera arte erabili zuten. Gero guztia itzal bihurtu zen. Egiptoko historia luze eta oparoa ikertu zuten adituek marraztutakoa ikusten zuten, baina ez zekiten zer zioten marra, zeinu eta irudi haiek. Hamabost mendetan zehar begien aurrean zeukatena erabat irakurtezina zitzaien.

Frantzian iraultza nagusitu eta Napoleon mundua menderatzeko ahaleginetan zebilela Egiptoraino iritsi zen. 1799an Bouchard abizena zeukan soldaduak, kasualitatez, marrazkiak eta hizkiak zeuzkan harri beltza aurkitu zuen. Baina Bouchar soldaduak borrokan segi behar zuen eta azkenean ingelesen aurkako gerra galdu egin zuten frantsesek. Harri beltz hura Londresera eraman zuten eta Museo Britainiarrean ikusgai jarri, baina beste 23 urte pasa ziren Jean François Champollion historiagile frantsesa ohartu arte harri hartan hizkuntza bat baino gehiago zeudela eta hizkuntza guztiek kontu bera adierazten zutela.

Rosetta izeneko harri honetan Ptolomeo V.a faraoiak lege dekretua argitaratu zuen hiru hizkuntzatan, hieroglifiko egiptoarrak, idazkera demotikoan eta antzinako grezieran. Azken mutur honi helduta, Champollionek hieroglifikoen esanahia argitu zigun.

Jendeak, herritarrek, erantzunak behar dituzte, gero eta zailagoa den errealitateari aurre egiteko tresnak. Politikariak eta intelektualak ez dira aztiak eta sorginak, ez zaizkie mirariak eskatzen, baina begien aurrean dutenaz ohartzea eta haren esanahiaz jabetzea derrigorrezko baldintza beharko zuketen lan hori egiteko. Zoritxarrez, asko eta asko marra, zeinu eta marrazkiei begira dira, ordezkatzen duten hura ulertu ezinean, oraindik asmatu ez den Rosetta Harriaren zain.