Itxi

Iruzkina

Beste horzkada bat palestinarrei

Jesus Torquemada

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak iragarri duenez, hauteskundeak irabazten baditu Zisjordaniako lurralde okupatuak anexionatuko ditu.

Israelgo hauteskundeen bezperan, Benjamin Netanyahu egungo lehen ministroak bonba bat jaurti du: Berriz hautatzen badute Zisjordaniako koloniak Israelentzat bereganatuko ditu. Horrek esan nahiko luke, praktikan, Zisjordania guztia beretzat aitortzea eta beraz, palestinarrak lurralderik gabe uztea.

Promesa hori Donald Trump bere lagun handiarekin elkartu eta gutxira egin du. Zalantzarik gabe, Netanyahuk jakinarazi zizkion bere asmoak Trumpi eta honek oniritzia eman zion.

Anexio hori nazioarteko zuzenbidearen erabat aurkakoa litzateke. Baina horrela dira era berean ekialdeko Jerusalemen anexioa eta Golango gainena, eta Trumpek jada onartu ditu. Netanyahuk agindutakoa betetzen badu, etorkizunean estatu palestinar bat izateko aukera ezerezean geratuko litzateke.

Netanyahuk urratsa egin du bi arrazoirengatik: Batetik, berak anexioan sinesten duelako; eta bestetik, eskuin muturrera dihoakion boto ihesa gelditzen ahalegindu nahi duelako. Sinestezina dirudi Netanyahuren eskuinera dagoen zerbait existitzea, baina izan bada: Eta ez bat eta ez bi, bost alderdi ultranazionalista daude, palestinarrak berehala botatzea defendatzen dutenak eta Netanyahurekin boto lehian ari direnak.