Iruzkina
Europak AEBra egindako auto salmentak murriztu beharko ditu
Felipe Etxebarria
Donald Trumpek behin eta berriz kritikatu du Europako herrialdeek Estatu Batuekiko merkataritza harremanetan duten gehiegizko desoreka.
Amerikako Estatu Batuek ez die igoko oraingoz autoei inportazio zergak. Iturri batzuen arabera, ordea, horren truke Donald Trumpek eskaera gogor bat egin die europarrei eta japoniarrei: AEBn autoen salmentak murriztu beharko dituzte.
Estatu Batuek beren segurtasunerako mehatxu moduan ikusten dituzte autoen inportazioak, inportazio horiek teknologia berrien garapena oztopatzen dietelako Ipar Amerikako enpresei. Altzairuaren inportazioaren aurka muga zergak igotzean ere "segurtasun nazionala" erabili zuen argudio bezala AEBko Gobernuak.
Trumpek behin eta berriz kritikatu du Europako herrialdeek Estatu Batuekiko merkataritza harremanetan duten gehiegizko desoreka. Aurtengo lehen hiru hilabetetan Europar Batasunak 33.900 milioi euro gehiago saldu du AEBra, bertan erositakoa baino gehiago. Eta iaz baino gutxiago. 2018. urteko epe berean izandako aldea 36.200 milioi eurokoa izan zen.
Europarekin merkataritza auzia sei hilabeterako etenda geratu da. Txinarekin, ostera, aurrera dirau. Huawei telekomunikazio arloko erraldoi txinatarri Estatu Batuetan aritzea debekatu dio Donald Trumpek. Dekretu baten bidez ezarri du "Telekomunikazioetan emergentzia egoera" eta ateak itxi dizkio.
Huawei telekomunikazioen arloan munduko hornitzailerik handienetariko da. Estatu Batuetako agintariek duten susmoen arabera, merkataritza erabiltzen du Txinaren aldeko espioitza lana egiteko. Hala ere, salaketa horren frogarik ez dute oraingoz aurkeztu.
Txinak gogor erantzun dio erabakiari. "Estatu Batuei gezur horiekin amaitzeko eskatzen diogu".
Huaweik salatu duenez, erabakiak enpresaren eskubideak urratzen ditu. 5G teknikaren garapenari oztopoa jartzea omen da, eta hori Estatu Batuetako enpresen eta kontsumitzaileen kaltean doa.