Analisia
Europak irabazi du
Jesus Torquemada
Oro har, europazaleek irabazi dute. Europak irabazi du.
Behin-behineko zenbait ondorio, Europako hauteskundeei buruz.
Parte-hartzea zortzi puntu igo da. Berrogei urtean lehenbizikoz igo da, eta duela hogei urtetik, aurrenekoz kokatu da ehuneko berrogeita hamarraren gainetik.
Europaren aldeko botoak nabarmen gainditu du Europaren kontrakoa. Antieuroparrek eserleku gehiago lortu dituzte, baina ez espero bezainbeste, eta ez dute ahalmenik izango Europar Parlamentuaren funtzionamendua blokeatzeko. Haien eserlekuak ez dira beharrezkoak izango ezertarako, askotariko gehiengoak osatu daitezke haiek gabe. Hala ere, egia da, antieuroparren indarra oso handia dela Frantzian, Italian, Hungarian eta Polonian. Hauteskundeak irabazi egin dituzte horietan guztietan.
Boto europazalea lekualdatzen ari da. Lehen, bi talde nagusiek erakartzen zuten guztia: popularrak eta sozialistak. Orain, bi taldeok gehiengo osoa galdu dute, eta bere botoa liberalek eta ekologistek erakarri dute. Liberalek ia berrogei eserleku gehiago batu dituzte, berdeek hogei gehiago, eta adi, hauek boto asko lortu baitituzte gazteen artean.
Ezkerrak asko egin du behera, hamalau eserleku besteak beste, Grezian Tsiprasek izandako deskalabruaren erruz. Hain zuzen, hauteskundeak aurreratu ditu honek, berehala.
Oro har, europazaleek irabazi dute. Europak irabazi du.