Itxi

Iruzkina

Trump eta Twitterren diplomazia

Jesus Torquemada

AEBko presidenteak txioa idatzi zion Ipar Koreako presidenteari: "Aizu Kim, hementxe nago, hortik gertu: Japonian, nahi baduzu zu bisitatzera joango naiz". Biharamunean, Kimek harrera egin zion Trumpi

Trump Twitterren diplomaziaren asmatzaile modura pasako da historiara. Asteburuan gertatu denaz ez dago inongo aurrekaririk. Trumpek larunbatean txio bat idatzi zuen gutxi gorabehera hauxe esanaz: "Aizu Kim, hementxe nago, hortik gertu: Japonian, nahi baduzu zu bisitatzera joango naiz". Eta biharamunean, Kimek Trumpi harrera egin zion bi Koreen arteko mugan eta gonbita luzatu ere bai minutu batzuk Ipar Korean pasatu zitzan. Modu horretan, arerioaren lurraldea zapaltzen duen lehen presidentea izan da Trump… eta bitartean, mundu osoa, kazetariak eta politikariak, aho zabalik.

Pentsa liteke horren atzean beste zeozer zegoela, aurrez Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak eta Xi Jinping Txinakoak bitartekari lana egina zutela…. edozein modutan ezohiko zerbait da…. Antzerki hutsa? Keinu politika agian?.... Biei ondo datorkie zirku hau. Trump hauteskunde kanpainan sartzear dago eta horrelako gauzek ospea ematen diote. Kimek, berriz, nazioartearen aitortza behar du eta bisita horrek hori ematen dio. Baina keinuaz gain, bien arteko hartu-emanak izan du mamirik: ondoren, biak Moonekin elkartu ziren eta negoziatzeko bi lan talde sortzea erabaki zuten. Negoziazio horiek fruitua ematen badute, atzoko keinua benetan historikoa izango da.

Albisteak (1)