Itxi

Iruzkina

Europar Batasuneko kargu nagusiak, emakumeen esku

Jesus Torquemada

Lehen aldiz, bi emakumek beteko dituzte Batasunean botere handiena duten bi karguak: Europako Batzordeko presidentea (Ursula Von der Leyen) eta Europako Banku Zentraleko burua (Christine Lagarde).

Bi emakumek beteko dute lehendabiziko aldiz Europako Batasunean botere handiena duten bi karguak: Ursula Von der Leyen alemaniarra izango da Europako Batzordeko presidentea; Christine Lagarde, berriz, Europako Banku Zentraleko presidentea. Beste bi karguek botere eraginkor txikiagoa dute: Charles Michel belgikarra Europako Kontseiluko presidente izango da, Josep Borrell, berriz, Atzerri gaietarako goi ordezkaria.

Von der Leyenek eta Lagardek Europako Batasuneko botere politikoa eta ekonomikoa bereganatzen duten postuak beteko dituzte. Michelen kargua garrantzitsua da zalantzarik gabe, baina Europako lehen ministroen koordinatzailea izango da eta, beraz, euren menpe dago. Gauza bera gertatzen zaio Borrelli ere: Europako diplomazia oso garrantzitsua den arren, bere ekimen gaitasuna mugatua izango da gobernuek atzerri politikan euren konpetentzia izan nahi dutelako.

Azken finean karguen banaketa konplexu honetan betiko eskuinaren familia politikoa izan da probetxu gehien atera duena. Europako Partidu Popularra lehena izan zen Europako hauteskundeetan eta berak eraman ditu bi kargu nagusiak. Sozialistek bestalde huts egin dute Europako Batzordea bereganatzeko ahaleginean eta hauteskundeetan hirugarren izan ziren liberalak nahiko gustura geratu dira Michel belgikarraren karguarekin. Merkel alemaniarra lotan zegoela zirudien baina ez, oso esna zegoen. Europan futbolean gertatzen den gauza bera gertatzen da: beti edo ia beti Alemaniak irabazten du.