Itxi

Iruzkina

Black Friday Netanyahurentzat

Jesus Torquemada

Netanyahuk ez du dimisioa eman beharrik oraindik bere aurkako epai sendorik ez dagoelako, baina fiskalaren egozpena oztopo handia izango da  gobernu osaketarentzat.

Benhamin Netanyahuren aurkako ustelkeria delituen salaketa larriak erabateko paralisi politikora eraman du Israel. Israelek gaur egun Netanyahu buru duen jarduneko gobernua dauka. Urtera iritsi gabe bi hauteskunde egin dituzte eta inork ez du lortu gobernua osatzea: ez Netanyau eskuineko liderrak eta ezta Benny Gantz zentro ezkerrekoak ere.

Inor ez da iritsi koalizio gobernua ematen duen 61 diputaturen kopuru magikora, eta hiru astetan lortzen ez badute hirugarren hauteskundeak deituko dituzte.

Testuinguru honetan, konponbide bakarra Koalizio Handia izango litzateke Netanyahuren Likud alderdiaren eta Gantzen Urdin eta Zuriaren artekoa. Oso koalizio zaila da, bietako inork ez duelako atsegin, eta fiskalaren egozpenaren ondoren askozaz ere zailagoa.

Netanyahuk ez du dimisioa eman beharrik oraindik bere aurkako epai sendorik ez dagoelako, baina fiskalaren egozpena oztopo handia izango da  gobernu osaketarentzat, eta hirugarren hauteskundetara iritsiz gero, emaitza aurreikusi ezina izango da.