Iruzkina
NATOk etsaia asmatu du
Jesus Torquemada
Errusia ez da nahikoa arerio eta beste bat gehiago behar du NATOk: Txina.
Porrota izan da NATOren 70. urteurrena ospatzeko goi-bilera. Zatituak daude eta buruzagiek ez dute zatiketa ezkutatu, itxura ere ez dute egin. Trumpek eta Macronek, eta Trumpek eta Trudeauk elkarri leporatu dizkiotenak gaizki hazitakotik oso gertu egon dira. Aurrekaririk gabea da Macron, Trudeau, Johnson eta Rutteren taldetxoa, Trumpez barrezka. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bere kabuz lortu du bereganako errespetu falta hau bere txio, adierazpen eta jokabideen bitartez. Trump haserretu egin zen eta inori agur esan gabe alde egin zuen Londrestik.
Baina larriena da NATO oraindik noraezean dagoela, eta Londresen ez dute noraeza bideratu. Halakotan ohi denez, NATOk beste arerio bat asmatu du: Txina. Antza Errusia ez da nahikoa eta beste bat gehiago behar du. Izan gaitezen serioak. Egia da Txina potentzia handia bihurtu dela arlo guztietan, baita militarrean ere. Baina gaur gaurkoz, Txinak ez du ez itsasotik ez airetik ere ahalmenik Ipar Atlantikoan aritzeko, hain zuzen NATOk babesten duen eremuan. Arerio estrategikoa izan daiteke, ekonomikoa ere bai, baina ez militarra.