Kargatzen...
Itxi

Iruzkina

Alemaniaren Presidentzia Europar Batasunean

Felipe Etxabarria

Pandemia, AEBrekiko eta Txinarekiko harremana eta 'brexita' izango dira Alemaniaren agintaldiaren gakoak.

Europako ekonomia handienak, Alemaniak, Europar Batasuneko Presidentzia hartu du gaur bere gain. Gai ugari ditu agendan eta itxaropen handiak daude Angela Merkelengan. Haren lidergotzak etorkizuneko gai garrantzitsuei bultzada emango diela uste da. Ondorengoak lirateke horiek: 

        - Europa COVID-19AK sortutako krisialditik ateratzea.

        - Europaren jarrera AEB eta Txina munduko erraldoien artean.

        - “Brexit”aren ondorio ekonomiko kaltegarriak arintzea.  

Europa COVID-19AK sortutako krisialditik ateratzea 

Merkelen helburua pandemiaren krisiak gehien eragin dituen hegoaldeko herrialdeei  laguntzeko neurri sorta onartzea da. 750.000 milioi euroko diru laguntzak eta kreditu bigunak, Europako Batzordeak proposatu duen bezala. Baina Holanda, Danimarka, Suedia eta Austria horren aurka daude eta oztopo hori gainditzea ez da erraza. 

Horrekin batera 2021tik 2027ra Europar Batasunak izango dituen aurrekontuei buruzko negoziaketak ere urtea amaitu baino lehen bukatu behar dira. Guztira 1,1 bilioi euro. Bi gai hauek batera negoziatzea zaila dela aitortu berri du Merkelek.     

Europaren jarrera Estatu Batuak eta Txina erraldoien artean 

Europar Batasunak zerga digitala ezarri nahi die Amazon, Google eta Apple erraldoiei eta horrek tentsioa ekarri du AEBrekiko harremanetan eta Amerikarrek kontrako zigorrak ezarri ditzakete.  

Txinarekiko harremanetan Europako Batzordeak legedi berria proposatu du txinatarren kontrol ahaleginarengandik  enpresa europar garrantzitsuak hobeto babesteko. Makronek esan berri duenez, europarrek Txinarekin duten harremanetan inuzentekeria baztertu behar dute  

“Brexit”aren ondorio ekonomiko kaltegarriak arintzea 

Negoziaketak urtea amaitu baino lehen akordio batekin bukatu behar dira, baina Boris Johnson lehen ministroarekin horrela izango denik ez dirudi. Une honetan ez dakigu 2021eko urtarrilaren batetik aurrera  Erresuma Batuak eta Europar Batasunak izango duten harremana nolakoa izango den. Egun horretan amaituta egongo da oraingo trantsizio epea. “Brexit” gogorra saihestu ezinezkoa izango da, lehenago akordiorik lortu ezean. Merkelek ohartarazi berri duenez, Erresuma Batuak ezin du itxaron Europar Batasunetik kanpo egonda barruan bezalako abantailak lortzea. 

Gai horiek guztiak aurrera ateratzeko, Merkel kantzilerrarena moduko lidergotza indartsua inoiz baino beharrezkoa izango da.