ANALISIA
Ameriketako Estatu Batuetako boto sistema bitxia
FELIPE ETXEBARRIA
Trumpek ohartarazi du Estatu Batuetako hauteskundeetan iruzurra egon daitekeela, eta, bereziki, posta bidezko botoetan, eta horrek alarma guztiak piztu ditu.
Donald Trumpek behin eta berriz ohartarazi du hauteskunde hauetan egon daitekeen iruzurraren inguruan, batez ere posta bidezko botoen inguruan, eta horrek alarmak piztu ditu. Zer gertatuko da, ordea, Trumpek hauteskundeak galtzen baditu?
AEBko hautesleek ez dute zuzenean hautagaia aukeratzen. Zeharka aukeratzen dute presidentea 538 hautagai edo ordezkari aukeratuz. Guztiz proportzionala ez den sistema baten arabera banatuta daude horiek 50 estatuen artean. Adibidez, Kaliforniak, 39 milioi biztanlerekin, 55 ordezkari ditu. Ostera, milioi bat biztanle baino gutxiago duten zortzi estatutan hiruna ordezkari hautatzen dituzte. Irabazten duen hautagaiak estatu horretan ordezkari guztiak bereganatzen ditu. 270 ordezkari lortzen dituen hautagaiak irabazten ditu hauteskundeak.
Duela 20 urte Floridan George W. Bush errepublikanoa eta Al Gore demokrata botoetan ia parekatuta geratu ondoren, Auzitegi Gorenak Bushi eman zion garaipena. Hautagai errepublikanoak estatu honi zegozkien 27 ordezkariak eraman zituen. Maine eta Nebraskako banaketa sistema proportzionalaren salbuespenaz gain, gainerako estatu guztietan irabazleak ordezkari guztiak bereganatzen ditu.
Gerta daiteke duela lau urte gertatutakoa. Hillary Clintonek lortu zituen boto gehien, 65,8 milioi lortu baitzituen berak, eta 62,9 milioi, berriz, aurkariak. Trumpek ordezkari gehiago lortu zuenez, baina, horrek irabazi zituen hauteskundeak.
Hauteskunde hauetan, gainera, estatu errepublikanoetan gutxieneko taldeei murrizketak jarri dizkiete botoa emateko.
Datozen hauteskundeetan ondorengo organoak hautatuko dira:
Ordezkarien Ganbera: Azaroaren 3an, Ordezkarien Ganberako 435 kideak hautatuko dira. Bi urtetik behin hautatzen dira. 2018ko hauteskundeetan, Alderdi Demokratak irabazi zituen hauteskundeak, 232 ordezkari eskuratuta. Alderdi Errepublikanoak, berriz, 197 lortu zituen.
Senatua: Goi Ganberako ordezkarien herena bi urtetik behin hautatzen da. Bi senatari hautatzen dira estatu bakoitzeko. Azaroaren 3an, 33 senatari hautatuko dituzte. Gaur egun, errepublikanoek dute gehiengoa: 53 eserleku errepublikano eta 47 demokrata daude.
Gobernadoreak: Egun berean, 11 estatutako gobernadoreak ere hautatuko dituzte. Gaur egun, 50 gobernadoreetako 26 errepublikanoak dira, eta 24, berriz, demokratak.