Analisia
Muga berri bat izango ote du Europak Eskozian?
Felipe Etxebarria
Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte maiatzarn 6an, eta Erresuma Batuak arreta handiz jarraituko ditu, Sturgenonek bigarren erreferendum bat egiteko asmoa iragarri baitu.
Erresuma Batuak arreta handiz jarraitzen ari da datorren maiatzaren 6ko Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak. Independentzia erreferenduma izan ez arren, ostegun honetan jakingo da eskoziarrek independentzia nahi duten ala ez.
Nicola Sturgeon lehen ministroaren SNP (Eskoziako Alderdi Nazionala) da faboritoa. Inkesten arabera, hauteskunde hauek irabaziko ditu, eta, seguruenera, berdeekin independentziaren aldeko gehiengo nagusia lortuko du.
Azken inkestek ondorengo datuak eman dituzte ezagutzera:
Gehiengo hori nahikoa izango ote da independentzia erreferenduma eskatzeko?
Adituen ustez, gehiengo hori lortzen bada, Boris Johnson lehen ministroarentzat zaila izango da bigarren kontsulta oztopatzea, nahiz eta behin eta berriz esan duen belaunaldi batean ez dela galdeketa gehiagorik egongo.
Eskoziak Erresuma Batuarekin lotura ekonomiko handia izan arren, Europarekin duena baino handiagoa, eskoziarrak independentziaren alde daude. London chool of Economicseko adituen ustez, Eskoziaren independentzia brexit-a baino hiru bider garestiagoa izango litzateke. Hori horrela litzateke, Eskozia Europar Batasunean sartuko balitz ere.
2014. urtean eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitzearen alde bozkatu zuten, 55-45eko proportzioan. Erresuma Batua, Eskoziarren gehiengoaren iritziaren kontra, Europar Batasunetik irtenda, baina, baldintzak aldatu egin dira, eta aldaketa hori erabiltzen dute argudio moduan beste kontsulta bat egitea eskatzeko.
Alex Salmond lehen ministro ohiak SNP alderdia utzi eta independentziaren aldeko beste alderdi bat sortu du: Alba. Horrek botoak galtzea eragin ahal dio SNPri, baina, inkesten arabera, botoen % 3 besterik ez du lortuko, eta, ondorioz, ez du ordezkaririk lortuko.
Etorkizunari begira, indar independentisten joera goranzkoa da. Eskoziar gazteen artean, lautik hiru Londresekin loturak apurtzearen aldekoak dira; helduek, berriz, nahiago dute Erresuma Batuan jarraitu.