Itxi

San Sebastian eguna

Donostiako haur danborrada igandean egingo dute

Erredakzioa

Euria dela-eta, atzeratu egin dute haurren desfilea, eta, hilaren 22an, ia 5.000 haur aterako dira, 52 konpainiatan. Behobia-Donostia lasterketako antolatzaileek urrezko danborra jaso dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euria dela eta Donostiako haur danborrada bertan behera geratu da. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, datorren igandean izango da haurren desfilea.

Eguraldi txarrak, azkenean, danborradan ateratzeakoak ziren 5.000 haurren ilusioa eta poza zapuztu ditu. San Sebastian eguneko ekitaldi entzutetsu eta jendetsuenetako bat izan ohi da eta 1981z geroztik bertan behera geratu den lehen aldia da gaurkoa.

Nerea Txapartegi Donostiako Udaletxeko Kultura zinegotziak adierazi duenez, "asko kostatu" zaie erabaki hori hartzea "milaka haur donostiarrek ezin izango dutelako desfilean atera", baina eguraldiaren inguruan jaso dituzten aurreikuspenak ikusita, erabaki hori hartu behar izan dutela adierazi du.

Araudiari jarraituz,  igandean eguerdiko 12:00etan izango da Alderdi Ederren haur danborrada. Guztira, 52 konpainiatako 4.906 neska-mutilek parte hartuko dute (%53,5 mutilask dira, eta % 46,5 neskak).

Urrezko danborra

San Sebastian eguneko gainerako ekitaldiak normaltasunez egingo dira.

Eguerdiko 12:30etan urrezko danborra jaso du Behobia-Donostia lasterketak. Lasterketa antolatzen duen Fortuna Kirol Elkarteko antolatzaileek jaso dute hiriko sari garrantzitsuena, Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik. 

Behobia-Donostia antolatzen laguntzen duten ehunka boluntariori, parte hartzen duten milaka korrikalariei eta ikusleei eskaini diete urrezko danborra.

Behobia-Donostia lasterketan, 2011 urteko edizioan, 23.000 korrikalarik parte hartu zuten.

Danbor hotsa nagusi, 24 orduz

Konstituzio Plazako ordulariak 00:00ak jo dituenean hasi da San Sebastian egun handia, ohi bezala, Raimundo Sarriegiren martxarekin. Gaztelubide elkartea izan da banderaren igoeran protagonista, eta aurten, estreinakoz, emakumezko bat izan da Ureztatzaile Nagusia. Ainhoa Olasagastik Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusia eta Alberto Matilla Upel Nagusia izan ditu alboan.

Juan Karlos Izagirre alkatearentzat ere egun berezia izan da gaurkoa: tradizioari jarraituta, hiriaren bandera altxatu du. Aurten, aparteko gonbidatu gisa, Breslaviako (Polonia) Udaleko ordezkaritza egon da bandera altxatzeko ekitaldian. Donostiarekin batera, Europako Kultur Hiriburu izango da Breslavia 2016an.

Helduen danbor konpainiak hiriko kaleetan barna ibiliko dira gauerdira arte kupelak eta danborrak joz. Aurten, 118 danborrada daude (iaz baino 7 gehiago), eta guztira 14.214 lagunek hartzen dute parte bertan.

Festa, Azpeitian eta Tafallan ere

San Sebastian eguna ez da Donostian bakarrik ospatzen: Azpeitian eta Tafallan ere egun handia dute abenduaren 20a. Hala, Azpeitian 1.200 pertsonak parte hartu dute  desfilean, eta, ondoren, udaletxeko plazan elkartu dira.




Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (3)