Itxi

Ezker abertzalearen omenaldia

Txillardegiri omenaldia, euskal kultura eta politikaren erreferente

Erredakzioa

Victoria Eugenia Antzokian ezker abertzaleak egin dion omenaldian, "herri honetan irekitako prozesuarentzat batasuna oso garrantzitsua" dela adierazi dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ezker abertzaleak Donostiako Victoria Eugenia Antzokia bete du Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi" omentzeko. ETAKo sortzaileetako bat izan zen eta politikaria, hizkuntzalaria, eta idazlea ere bai; euskal kulturaren eta politikaren erreferentea.

Joan den urtarrilaren 14an hil zen Txillardegi, 84 urte zituela. Bideo hunkigarri batekin hasi dute ekitaldia, bere argazki eta testigantzekin.

Dignidad y Justicia elkarteak ekitaldia debekatzeko eskatu du aste honetan, baina Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen eskakizuna.

Musika eta bertsoak izan ditu omenaldi ekitaldiak eta ezker abertzaleko kide asko egon dira bertan, besteak beste, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Tasio Erkizia, Juan Joxe Petrikorena eta Joseba Alvarez, hildakoaren semea.

EAko idazkari orokorra, Peio Urizar, eta alderdi horretako buruzagi eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatua, Ikerne Badiola, ere bertan egon dira, eta "haren ametsa abertzaleon arteko batasun eta elkarlana zen", nabarmendu dute. Pernando Barrena ere batasun horretaz mintzatu da, eta "herri honetan ireki den prozesuan, batasuna oso garrantzitsua da", azpimarratu du.

Xabier Amuriza bertsolariak eta Laura Mintegi idazleak ere hartu dute parte omenaldian. Azken honek Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik bidalitako gutun bat irakurri du. Ramon Agirre aktoreak gidatu du ekitaldia, eta Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak bidalitako mezu bat irakurri du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)