Itxi

Hauteskundeak

Alemaniako hauteskundeetarako 10 egunen faltan, sozialdemokratak aurretik dira

Felipe Etxebarria

Angela Merkelek (67 urte) Gobernuan 16 urte eman ostean, Alemania prestatzen ari da haren ondorengoa hautatzeko irailaren 26ko hauteskunde federaletan.

Angela Merkelek (67 urte) Gobernuan 16 urte eman ostean, Alemania prestatzen ari da haren ondorengoa hautatzeko irailaren 26ko hauteskunde federaletan. Inkesta gehienek SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratari ematen diote garaipena, egun Merkelen CDU Batasun Kristau Demokratarekin batera koalizio handia osatzen duen alderdiari, hain zuzen.

Inkesten arabera, Olaf Scholz (63 urte) SPD alderdiaren hautagaia eta gaur egun Finantza ministro denak ordezkatuko du Merkel kantzilerra. Telebistako bigarren eztabaidaren ondoren, boto-emaileen % 41ek uste dute hori dela hautagai sinesgarriena. Hanburgoko alkate ohia bere alderdiko adar kontserbadorean kokatzen dute. Pandemiaren aurrean izandako jarrera bikainari esker, krisiei aurre egiteko kudeatzaile onaren ospea lortu du. Hala ere, irabazteko aukera apur bat ahuldu zaio azken egunetan, irregulartasun fiskalak zaintzeko arduradun judizialek bere ministerioan erregistroa egin eta gero. Horrek eztabaida handia sortu du Alemanian.

Boto-emaileen % 27ren babesa lortuko omen du Armin Laschetek (60 urte). CDU alderdiaren hautagaia izateaz gain, Ipar Renania-Westfalia Alemanian biztanle gehien dituen estatu federatuko presidentea da. CDUk zailtasun handiak izan ditu Merkel ordezkatzeko hautagaia aurkitzeko. Izan ere, lehen aukeratuak, Annegret Kranp-Karrenbauer (59 urte) Defentsa ministroak, hautagai izateari utzi zion ospe handirik ez zuela ikusita. Baina Lascheten ospea ere ez da askoz hobea, azkenaldian hanka-sartze itzelak egin baititu. Azpimarragarriena, uztaileko uholdeak bisitatu zituenean egindako barre-algara da. Hondamendi haren aurrean Alemania osoa hunkituta zegoenean egin zituen barre haiek telebista-kameren bidez ikusi zituzten herritarrek, eta, barkamena eskatu bazuen ere, kritika gogorrak jasan zituen, baina oraindik ez dio egoerari buelta eman.

Horren atzetik oso gertu, botoen % 25 lortuko ditu Annalena Baerbock (41 urte) Berdeakeko hautagaiak. Hauteskunde hauetan emaitza onak lortzeko itxaropena du, eta bi hautagai nagusietako bat hautatzeko aukera izango du, harekin koalizio gobernua osatzeko. Schleswig-Holstein estatu federatuko gobernuan Ingurumen ministro izandakoa, kantzilerra izateko hautagai izendatu duten bigarren emakumezkoa da, Merkelen ostean. Berdeen alderdian sektore moderatuan dago, eta klase ertainekotzat jotzen dute.

Albisteak (1)